APIRILAREN 20an dokumental emanaldia, arratsaldeko 18:00etan Larte Kultur Etxean. APIRILAREN 26an hitzaldia, Zero Zaborreko Ainhoa Arrospideren eskutik, arratsaldeko 19:00etan Larte Kultur Etxean.
Gipuzkoarrok %35 baino ez dugu birziklatzen gaur egun. Herrialde batzuetan %75 inguruko maila lortzen dute, eta guk hori gainditu egin nahi dugu. Ingurumena, oro har, eta Gipuzkoa, zehazki, hondatzen ari gara, lehengaiak zabortegietara etengabe botatzen ari garelako eta hondakinak nahastuta biltzen ditugulako. Ez dugu lortu jende guztiak borondatez birziklatzea, batzuen utzikeriak jende prestu askoren esfortzua alferrikakoa egiten baitu.
Herri atzeratua da birziklatzen ez duena.
2011. urtean Tolosaldean 18.752.920 kg bota genituen zabortegira eta 2.558.364 euro kosta zitzaigun.
Etxeko sukaldeko ohitura aldaketa txiki batek Gipuzkoa zero zabor lurralde bihur dezake. Gakoa organiko guztia modu selektiboan biltzea da. Aitzindariak izango gara, herri aurreratuenen pare jarriko gara. Hondakinen bilketa sistema eraginkorrenekin konpostajea lehenetsiz, herri handiek zein txikiek birziklatzearen %80ko langa gaindituko dugu. Gure esku dago guk sortzen dugun arazoa konpontzea. Ingurumenak eta belaunaldi berriek merezi dute.